Harri Xabier Fernández Iturralde
Kazetaria eta komunikazio politikoan aholkularia
“Europa ulertezina bilakatu da”. Baieztapen hau egin zuen duela aste batzuk Globernanceko –
Gobernantza Demokratikorako Institutua- Zuzendari eta Giza Filosofia eta Politikako Katedraduna
den Daniel Innerarityk Europar Elkarrizketen seigarren jardunaldian. Globernance Institutuak, San
Telmo Museoak eta Donostia Kulturako Europar Hiriburuko 2016ko bulegoak antolatutako
ekitaldiaren izenburua hurrengoa zen: “Europar Batasunarentzat narratiba berri bat. Ba al dute
Europako herrialdeek kontaketa bateraturik? Elkarrizketan José Manuel Durao Barroso Europar
Batzordeko lehendakari ohiak eta Miguel Poiares Maduro, Portugaleko Estatuko ministrordea eta
Eskualdeko Garapeneko ministroak hartu zuten parte, Europaren nondik norakoa eta etorkizunari
buruz hitz egiteko asmoz.
Zer da Europa? Potentzia bat al da? Estatu ezberdinen batasun bat al da? Nazio anitzen batasuna?
Zein da bere kontakizuna? Helburu berberak al dituzte Europar Batasuna osatzen duten
herrialdeek? Azken egunotan Grezia dugu hizpide; titular ugari ari da bereganatzen, eta hiritar
guztien ahotan dago. Batasuneko estatu guztien artean narratiba bateratu eta partekatu bat
sortzeko beharra ezinbestekoa dela dirudi; helburu honek, aitzitik, herrialde batzuek duten
hegemenoniarekin topo egiten du. Madurok esan zuen moduan, gainera, Europa “ekonomikoki
eta politikoki bereizita dago”.
Innerarityk aipatutako Europaren “ulertezintasuna”, era berean, estatu bakoitzaren kontaketa
konkretuan edota tokian tokiko errealitate ezberdinean datza. Europarekiko interdependentzia bi
kasutan oinarritzen da: bata, nola ez, gaur egun bizi dugun Greziaren krisian dago oinarrituta;
bigarrena, etorkizun hurbilean Erresuma Batuan ospatuko den errefendumean; bertan,
herrialdeak, Batasunean jarraitu nahi duten edo ez azalduko dute. Kasu kontrajarriak dira biak, eta
kontaera edota narratiba ere, erabat ezberdina. Hala ere, Durao Barrosok baieztatu zuen moduan,
Europaren batasun hori sustatzeko balio dezaketen bi kasu dira; Estatu Batuen edota Txinaren
aurrean eragina izan dezakeen potentzia sortzeko kasuak. Oinarritzat estatuen arteko
“integrazioa” edota “konbergentzia” hartzea ezinbestekoa jotzen zuten – Maduroren defentsa
hura zen- eta, nola ez, herrialdeen arteko “konfiantza” eta solidaritatea edota elkartasuna.
Greziako kasuan, Tsiprasek onartutako neurriak herrialdearen zorra areagotuko dute; honi aurre
egiteko, zorraren berregituraketa edota kitaren analisia dira alternatiba bakarrak. Aitzitik,
Eurotaldearen azken asteetako jarrera “matonismo politiko eta ekonomiko” moduan defini
dezakegu Non dago Batasunaren sorrera eta DNAn aurkitzen zen solidaritate hori? Eta ez hori
soilik; lehenago, 1952 urtean, II Mundu Gerraren ostean – bertan zeuden Grezia, Estatu
espaiiniarra eta Irlanda- zordunaren betebeharrak negozitu zituzten.
Erresuma Batuaren kasuan, Durao Barrosok, “porrot” moduan definitu zuen britainiarren azken
erabakia Eurotaldea uztea izango bada eta Cameronek gobernatutako herrialdea Batasunaren
barruan “gustora” egoteko baldintzak sortzearen alde azaldu zen. Baieztapen honek, lehenengo
kasurako balio izan zion; hartzekodun herrialdeei dagokienean behinik behin.
Baliteke herrialdeek Victor Hugok 1849an Pariseko Nazioarteko Bake Kongresuan esandako
esaldiaren espiritua berreskuratu beharko lukete: “Iritsiko da egun bat (…) non kontinenteko
herrialdeko guztiak, beraien kualitate ezberdinak eta indibidualtasun aintzatsua galdu gabe, goi
batasun batean sortuko diren, europar senidetasuna sortuz”. Benetako gakoa “senidetasunean”
aurki dezakegu”, non EBko herrialdeen arteko errespetua eta senidetasuna bai bakoitzaren eta
baita guztien ongizaterako jazo dadin. Bakoitzaren kontaketa indibidual eta solidarioa oinarritzat
hartuz, eta, era berean, EBren kontaketarekin bateratuz, indartuko da Europa; hegemonia
terminoa errespetu hitzaren bitartez ordezkatuz.