Imanol Galdos
Arlo profesionalean mundu kulturalean aritzen den arren, bere pasioa nazioarteko politika eta Estatu Batuetako Politikak dira. Momentu honetan, nazioartean Euskadi Estatu Batuetan egiten ari den ekintza plana aztertzen ari da, baina bere formakuntza benetan zabala da: filologia, hizkuntzalaritza, zientzia politikoak, zuzenbidea, komunikazioa. Administrazio publikoan eta politikan ere badu esperientzia. Estatu Batuen mireslea da Imanol, eta Oñati eta Donostiarekin batera, Boisi da bere hirien arteko erreferentzia. Kritikoa izan arren, Europako proiektuan sinesten du eta bien arteko hartu-emana aberasgarria dela azpimarratu nahi du.
San Telmo Museora sartu nintzen bezain pronto ohartu nintzen Elizabeth S. Stong epaileak bizitzari aurre egiteko beste begirada bat zuela; beste bizi-tonu bat, alegia. Egia esan, ez nuen bestelakorik espero. Brooklyneko bizilaguna izateak soilik izateko modu berezia markatzen du; bizitza beste ikuspegi batetik ikustea, alegia. Hitzaldian gogorarazi zigun: egunero aurkitzen baitu bost kontinenteetatik bigarren aukera baten bila datorren jendea. Estatu Batuetako Konstituzioan aurki dezakegun bigarren aukera; borondate politikotik jaiotako aukera. Iraganean egindako edo hartutako erabaki okerrak ezabatu eta arintzeko borondatea duen legedia. Baina, guztiaren gainetik, kaleraketak eta enpresen porrotak ekiditeko soluziobideak aurkitzeko desioa dago Estatu Batuetan. Pertsonarik gabe ez dago pena merezi duen ez giza ez proiektu politikorik ere. Berariazko abertzaletasuna bertako herritarrekin edota izan nahi dutenak ulertzean datza, bere lekuan jartzea, alegia.
Ondorioz, enpatia aldarrikatu zuen; ingurukoekin enpatia. Horrela ulertzen dute iparamerikarrek bizitza; genetan daramate eta horrela bideratzen dute beraien ibilbidea bizitzan zehar. Bere arbasoek horrelako errealitatea jasan izanak, asko lagundu dio Elizabeth S.Stong epaileari Brooklyeneko bizilegunei besteen azalean jartzen.
Arazoen aurrean, helburu bakarra dute: konponbidea bilatzea. Zer gertatu ote litzateke Detroiten Obamak eztabaida eta kalkulu politikoak itxaron izan balitu? Edota, itxaropen guztiak legedi zurrun eta zorrotzetan utzi izan balitu?
Obamak egoera larri hark eskatzen zituen erabakiak hartu zituen; ez zen zalantzen garaia, erabakiena baizik. Obamak Estatu Batuen ideosinkrasia aplikatu zuen. Stong epaileak ibilbide bera jarraitzen du, ideia berberak, alegia.
Praktikotasun eta determinazio honen aurrean, Europan erabaki guztiak atzeratu egiten dira, eta gehienetan, zuhurtasuna gaizki interpretatuz, legediak uzten ez duela argudiatzen dugu, edota juridikoki bateratasunik ez dagoela esaten dugu; aitzakiak biak. Europak badu bere tradizioa, historia, eta hori da aitzakia moduan erabiltzen duen arma. Freskura falta zaio, eta horrexegatik konpontzen dira lehenago arazoak Atlantikoaren bestaldean.
Eraginkortasuna galduarazten diguten bizkar zorroak ditugu; argia falta zaigu; portaera makalak. Baina, guztiaren gainetik, enpatia. Stong epailearengana Brooklynera iristen diren pertsona horiek ulertzeko enpatia; aukera berrien bila doazen pertsonak ulertzeko gaitasuna. Bizitza berregituratzeko, proiektu berriak hasteko. Estatu Batuetan beti dago bigarren aukera hori. Europan ahatik, pertsona horiek arazo bilakatzen dira; Matteo Renzi lehen ministroak Obamari laguntza eskatu dio dronen bitartez egoerari soluziobidea emateko. Imajina ezazue. Historia errepikatu egiten da. Brooklynen ongietorria ematen zaien bitartean, aberastasuna ekarriko baitute, etorkizuna…Europan, deserosotasuna eragiten du; arazo handia da. Nagiak gara, eta ez gara ohartzen ezinbestekoak izango direla zahartzen ari den gizartea gaztetzeko.
Larriena, hala ere, ez da atzerriko jendearekiko dugun jarrera; gure bizilagunekiko duguna baizik; etorkizuneko ogia ukatzen diegun bizilagunekiko jarrera. Behin hanka sartu, eta ez dago bigarren aukerarik. Historiaren pisua handiegia da; gehiegi ezagutzen dugu elkar, eta inertziak gainditzeko egoera ez da egokiena. Blokeatuta aurkitzen gara, kontaminazioak eraginda. Eta egoera honetan, freskura gabe, giza soluziobide berrien aurrean begiak ireki beharrean, betiko eskema zaharrak darabilzkigu; errealitate eta egoera berrietara egokitu gabe.
Ez dut Europaren proiektuan sinesten duen inor ezeztatu nahi; potentzialitate eta ontasunak baititu. Baditu baldintzak eta mahai gainean duguna itxaropentsua gerta liteke. Baina arima eta bihotza falta zaizkio abenturak porrot egin ez dezan. Utopia izaten jarraituko du; heldutasunera iritsi nahi ez duen Peter Pan izango dugu Europa. Porrotak behin eta berriro errepikatu eta gogorarazteak ez du laguntzen. Atzera begiratzeak ez digu etorkizunari so egiten uzten. Ezinbestekoa da bigarren aukera; atzera begiratu beharrean aurrera egin eta altxatzea; behar den guztietan. Brooklyneko gauza asko falta dugu oraindik, eta, guztiaren gainetik, Stong epailearen umore eta poztasuna.