Enrique Fonseca
Marketing Politikoan aholkularia
Javier Solanak Europar Batasunak dituen erronka guztien errepasoa egin zuen. Bruselako politikariek sarritan gogorarazten duten “mantra” erabili zuen soluziobide gisa: “Europa gehiago, integrazio gehiago”. Eztabaida garaian, Radio Nazionaleko kazetari batek, Europaren politikaren inguruan galdetu beharrean, estatu mailako gertaerari buruzko adierazpenak eskatu zizkion; hauteskunde katalanak, alegia.
Anekdota hau da Europako proiektuaren egoeraren adierazle; integrazioaren alde lan egin arren, hedabideetan ageri den edozein berri, (iritzi publikoaren islada) “etxeko” gaietan dago murgilduta. Tabenetan, jendeak Rajoy, Urkullu edota Merkelen inguruan hitz egiten du, baina ez Junckerri buruz; gehiengoak ez luke ezta argazki batean ezagutuko.
Aitortzen dut momenturen batean “euroeszeptiko” deitzen diren politikari horien argudioek nolabait tentatu nautela. Ondoren, aitzitik, horiek guztiak Putinekin erlazioak sakontzearen alde apostu egin dutela ikustean, Europar Batasuna, inperfektua izan arren, autoritarismoaren aurkako armarria dela onartu behar dut.
Hori da, nire ustez, Javier Solanak islamiar teokrazien, ISIS edota Viktor Orbanen inguruan hitz egiteko interesa agertzearen gakoa. Kontzeptu berri eta ezezagun bat definitzerako garaian, ezinbestekoa da bere antitesia identifikatzea, eta oraindik definitzear dagoen Europear espirituaren antitesia erregimen antiliberal horiek guztiak azaltzean oinarritzen da.
Pausu asko eman behar dira oraindik Europako proiektua ongi definitzeko. Hainbat galdera datorzkit burura Solanaren hitzen harira; bateragarria al da solasaldian somatzen den nolabaiteko “protekzionismoa” “ziberespazioaren inguruko (enpresa) borroka” rekin? Start-up lehiakorrak ez dira dekreto bidez lortzen, erakunde argi, demokratiko eta lidergo ezagunekin baizik.
Legezko abisua: Europar Elkarrizketak jardunaldiak jazotzen diren bitartean, mundu eta errealitate ezberdinetatik datozen bi pertsonek iritzi artikulu bat idazten dute, bertan bai fisikoki edota birtualki parte hartuz; idatzi horiek iritzia eta hausnarketak jasotzen dituzte. Iritzi horiek dira e-elkarrizketak barnean aurki daitezkeen edukinak. Testu horien edukinak pertsonalak dira, eta ez dira Europar Elkarrizketak edota antolatzaileen iritzien islada. Europar Elkarrizketak proiektua ez da bertan ageri den edukin, informazio eta iritzien erantzule. Zure iritzi edota hausnarketak bidali nahi badituzu, idatzi hurrengo helbide elektronikora: info@europeandialogues.eu