Elena Etxegoyen Gaztelumendi. Irungo Udaletxeko Zinegotzi ohia Espainiako Senatuan Senatari ohia.
Izaskun Landaida Emakundeko Zuzendariaren hitzaldiaren naturaltasunarekin hastea gustatuko litzaidake; berak egindako hizlarien aurkezpenarekin eta handikerietan erori gabeko sarreratxoarekin. Lehenengo hausnarketa: nola ez, azpimarragarria, euskara erabili izana: Euskal Herriaren ama hizkuntza, ulertzeko eta komunikatzeko erreminta…Europa eta honen inguruan eztabaidatzeko balio duen gailua da euskara. Ez al dakizu euskera dela euskaldun egiten gaittuena…
Hizlariek berdintasun politiken inguruan duten ezagupen mailak altuak asko aberastu du solasaldia; bakoitzaren esperientzia, oso ezberdina kasuan kasu, jardunaldiaren arrakastarako ezinbestekoa izan da. Honen arira, eta ezberdintasunak alde batera utziz, badago oinarri komuna hiru hizlarien diskurtsoaren ikuspegian: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lotzeko neurrietan, ekintzetan eta politiketan; eta, nola ez, legeak egiteko beharrean; baina ez legeak helburutzat hartuz, bitarteko baizik. Hori guztia, nire ustez, ingurune konkretuetan egin beharra dago; tokian tokiko errealitatea aztertuz, eta ez orokortuz; lan eta esfortzu politiko guztia, bestela, ezerezean gelditzen da, guztia legebiltzarretako eztabaidetara, manifestazioetara eta nazioarteko egunetara murriztua gelditzen da. Hementxe nire bigarren hausnarketa: berdintasuna eta berdinzaletasuna ez dira gauza bera; bigarren hau, legebiltzar eta bulegoetan ematen den bitartean, berdintasuna, kalean eta errealitate konkretuetan jazo behar da. Helburua berariazko berdintasuna lortzea da; denboran iraunkorra dena eta toki guztietarako balio duena; eta horretarako ezinbestekoa da eztabaida daitekeena eta eztabaidagarria ez dena agerian uztea.
Baina ezberdindu ditzagun errealitateak; denak baitituzte beren egoera konkretuak, erritmoak, beharrak eta erantzunak. Behar berak, baina erantzun ezberdinak. Nahitaezkoa da sortu berri diren egoerak kontuan hartzea; internetek duen komunikazio botereari esker zabaltzen eta ezagutarazten ari diren mugimenduak; bai alde eta baita contra ere. Hirugarren hausnarketa: arreta berezia eskaini behar diogu Giza Eskubideen aurka interneten ikusten eta aztertzen ari garen kasuei; arreta profesionala eskaini behar zaio txarrerako indar ikaragarria duen gailu honi.
Eta amaitzeko, eztabaidako momenturik garrantzitsuenetakoa azpimarratu nahiko nuke: alderdi feminista bat ez da emakumeek eta emakumeentzako sortutako alderdia, berdintasuna emakumentzat sortutako kontzeptua ez den bezela. Azken hausnarketa: feminista izatea ez da adierazpen politiko bat, jarrera bat baizik. Hori dela eta, alderdi femenistak ezin esan dezakete beste alderdien inguruan feministak ez direnik. Feminista izateak ez du zergatik militantzia exijitzen; jarrera hau edonorena izan daiteke, alderdi feminista bateko kide izan edo ez.
“Feminista naiz; ez izateaz lotsatuko nintzateke, izan ere, pentsatzen duen emakume orok izan beharko luke giza kulturaren obraren eraikuntzan parte hartzeko guraria”. María de Maeztu.