Olaia Duarte
http://www.berria.eus/paperekoa/2288/019/002/2016-02-24/errefuxiatuak_eta_ardura_politikoa.htm
Ostegunean, San Telmo museoan, Gobernantza Demokratikoaren Institutuak European Dialoguesprogramaren eta Donostia 2016ren baitan antolatutako Europako migrazio-politikoei buruzko hitzaldian izan nintzen. Europako kultur hiriburua zeharo lotuta dago migrazio-politikekin, elkarbizitzarekin, elkartasunarekin eta giza-eskubideekin. Errefuxiatuen krisiak, gaur egun oso gertutik jarraitzen dugunak, eta lurralde pobretuenetatik datozen migrazio-fluxuak areagotzeak giza-eskubideei buruz hitz egitera eta herri bezala hausnarketa bat egitera behartzen gaitu.
Gai hauen inguruan hausnartzeko aukera paregabea eskaini ziguten San Telmoko hitzaldian joan den astean. Atsegina egin zitzaidan gela beteta ikustea: instituzioetako teknikariak, pertsona errefuxiatu eta migratzaileekin zuzenean lan egiten duten elkarteetako langileak, unibertsitateko ikasleak… Baina, aldi berean, hutsune esanguratsuak ere sumatu nituen. Angolako errefuxiatu politiko batek, Marokoko eta Hondurasko egoera ekonomikoaren ondorioz etorritako bi gizonek eta Kanadako Joanna Anneke Rummens soziologo eta identitatearen, aniztasunaren, osasunaren eta ongizatearen alorreko ikertzaileak azaldutako migrazio prozesu pertsonalak, integrazio politika eredu berriei buruzko datuak, azterketa ekonomikoen ondorioak… entzutera ez zen Donostiako Udal Gobernuko edo Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari politiko bakar bat ere etorri.
J. A. Rummens andrearen ahotik entzun genuen, datuen arabera, errefuxiatu bat edo etorkin bat lurralde berri batera iristen denean gertatzen denak ?harrera-prozesua, batik bat? garrantzi handiagoa duela pertsona horrek jatorrizko lurraldea utzi eta berrira iritsi bitartean bizi izandakoak baino. Hau da, Siriako gerra zibiletik ihesi datorren familia batek bidean bizi izan duen beldur, arrisku, gose edo gaixotasunak baino eragin psikologiko eta emozional handiagoa izaten du lurralde berrian berak duen harrera-prozesuak eta ongietorriak. Horrek agerian uzten du zeinen garrantzitsua den Europako edozein instituziorentzat prest egotea eta beharrezkoak diren baliabideak martxan jartzea.
Donostiako Udalean saiakera ugari egin dugu, behin eta berriro, PNV eta PSOEren gobernua familia errefuxiatuen harrera prestatzen has zedin. Iazko irailean jarri genituen lehendabiziko proposamenak mahai gainean, alor honetako eragileekin (Gurutze Gorria, Caritas, Gipuzkoako Plataforma Solidaria…) elkarlan dinamikak abian jartzeko. Lantalde edo batzorde berezi bat eratzea ere proposatu dugu hilabete honetan. Zoritxarrez, Udal Gobernuaren aldetik erantzun bakarra jaso dugu behin eta berriro: ezetz errefuxiatuen harrerarako baliabideen zerrenda egiteari, ezetz lantalde berezi bat sortzeari, ezetz eragileekin lanketa bat egiteari.
Eneko Goiak eta Ernesto Gascok titular politak lortzeko erabili dute errefuxiatuen arazoa: gainerakoan, ez dute pauso bakar bat ere eman eta, areago, ezetz esan diete, behin eta berriro, beste udal talde batzuek egindako proposamenei. Jarrera horren isla, Udal Gobernuko ordezkaririk ez San Telmoko ekitaldian. Kezkagarria da. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direlako errefuxiatu eta migrazio-politikak Europa osoan. Eta horren aurrean, axolagabekeria galanta erakusten ari delako Donostiako Udal Gobernua. Lehentasunez eta ardura politikoaz ari gara. Eta argi dago, Donostian, beste toki batera begira daudela PNV eta PSOE.