Iratxe Osinaga Garate. CEO Legacy Abokatuak
Pasaden ekainaren 18an Miguel Maduro eta Durao Barroso entzuteko
aukera izan genuen; gaia, honakoan, Europaren kontakizunaren ingurukoa
zen, eta bi hizlariek Batasunaren sorrera, ideia, arazoak eta etorkizunari
buruz hitz egin zuten.
Kontakizun guztiekin gertatzen den moduan, Batasunaren sorrera optimista
izan zen; II. Mundu gerraren osteko galera fisiko eta ekonomikoei aurre
egiteko elkartu ziren herrialdeen batasuna izan zen oinarria; Horrela sortu
zen 1951ean, Parisen, Ikatz eta Altzairuaren Europako Erkidegoa…gaur
egungo Batasunaren hazia. Ilusioz beterik hasitako proiektua zentzu askotan
benetan aberasgarritzat jo dute herrialdeek; berdintasun eta justizian
oinarritutako batasun integratzaile eta askean eraikitako batasunean,
alegia.
Azken urteotan, aitzitik, europearrak kontakizun edota narratiban interesa
galtzen joan gara; arazoa, Durao Barrosok zioen moduan, Europak berak
duen aberastasunak eragiten du; herrialdeen arteko ezberdintasun kultural,
politiko eta ekonomikoak dira Batasunaren arazo nagusi. 28 herrialde
ezberdinen borondate eta helburuak bateratzea ez da lan erraza. Honi,
gainera, krisi sozio-ekonomikoa gehitu behar zaizkio, erakundeetan
konfiantza galtzera eraman gaituen egoera. Europaren kontakizuna,
ondorioz, “impasse” egoeran dago momentu honetan. Oztopo nagusia
helburu zehatzik ez izatea da; proiektu bateraturik ez egotea; norabide
argirik ez aurkitzea. Zein da Europar Batasunaren norabidea?
Europan sinesten dugunok argi dugu: batasun politiko sendoagoa,
berdintasun politika gehiago, herrialdeeen arteko solidaritatea indartzea….
Kontakizuna nola amaitzen den jakin ez arren, hiritarren interesa sortu eta
mantentzea ezinbestekoa da; proiektuaren hastapenak izan zuen optimismo
puntu hori berreskuratzea; eta, guztiaren gainetik, proiektuaren
kontakizuna argi azaltzea… etorkizun hurbilean , “eta pozik bizi izan ziren”
esateko aukera izan dezagun.
Hori dela eta, Europak kontakizun bat badu, oraindik ere, ez da ulertzen.