Artikulu hau eskerrak ematen hasi nahiko nuke; Europar Elkarrizketak proiektuari eskerrak, pasaden ostegunean Elizabeth Stong epaile federalaren hitzaldira gonbidatzeagatik; oso aberasgarria izan baitzen. Hasieran geure buruari egin genion galderak – Estatu Batuetan aplikatutako neurri berdinak erabili al daitezke Europar Batasunean krisitik irteteko?- beste galdera filosofikoago batera eraman ninduen: ba al dago prozesu konkurtsalak modu gizabanakoan pentsatuz egiteko aukera?
Prozesu konkurtsalen legeak dioenez, 22/2003, Uztailaren 9ko Legea, zordun konkurtsalak (pertsona naturala edota juridikoa), ezin ditu bere betebeharrak bete, eta, gainera, egoeraren arabera, bere ahalmena erabat murriztuta geratzen da; bai administradore konkurtsalak bere kontrolpean hartu dituelako, edota administratzaileak berak hartu dituelako beregain!
Hartzekodunak administratzaileei beraien kreditu guztiak komunikatu behar dizkiete; masa pasibora igaro eta horrela kredituak asetzeko. Bai administratzaileak eta baita hartzekodunak prozesu zailean aurkitzen dira; batzuek galdutakoa errekuperatzeko, eta besteek dutena mantentzeko: zordunak, bere ondareak, eta hartzekodunak, zor zaion kantitatea.
Konkurtsoak horrela kudeatuz, zaila da prozesua egoera positiboan kudeatzea; bi aldeak garaile ateratzea, alegia; bi aldeek hurrengoa onartu ahal izatea: “ahal dugun guztia egingo dugu hemen gaudenok irabazten irteteko”.
Ezin ahantz dezakegu, gainera, konkurtso egoeran dauden bai zordunak eta baita hartzekodunak ere, kaudimen gabezi egoeran daudela; ezin dituzte beraien betebeharrak bete, eta nire ustez, iruzurrik ez bada behintzat, guztiok merezi dugu bigarren aukera bat egoera berbideratzeko!
Elizabet Stongek zioen moduan, “Epaitegiak (prozesu konkurtsalak tramitatzen diren lekuak) bigarren aukerak emateko tokia izan behar dute. Inor ez da ez garaile ez galtzaile irten behar”. Filosofia hau jarraitzen al da merkataritza arloko epaitegietan? Ba al dago aukera prozesu hauek gizatiarragoak egiteko? Bi aldeak motibatzeko? Akordio batera iritsi daitezen laguntzeko eta biak irabazle ateratzeko?