Emakumeen Europa

Aurora Díaz Obregonek kazetaritza ikasten du. Pikara Magazinen ari da praktikak egiten, genero ikuspegian bereizitako aldizkari digitalean. 2010ean sortu zen bai estatu mailan eta baita Latinoamerikako hedabide erreferentzia femenista moduan.

 

 

Europar Elkarrizketak proiektuak “Berdintasuna, emakumeak eta Europar Batasuna” ekitaldia ospatu zuen San Telmo Museaoan. Izaskun Landaida, Emakumende Institutuko zuzendaria izan zen moderatzaile, eta hiru hizlari aritu ziren beraien ikuspegia azaltzen: Marina Calloni, Kristin Tran eta Alexandra Byröd.

Marina Calloni Giza Filosofia eta Politikako irakaslea da Milaneko Milano-Bicocca unibertsitatean; era berean, Nazioarteko Ikerketa genero eta ahalmentzeko sareko zuzendaria da. Callonik 28 estatuen inguruan egin zuen hausnarketa, “dibertsitatea batasunean” lemapean; honen harira, hurrengo galdera egin zuen: “zein da “dibertsitatean batasuna”ren esanahia genero ezberdintasuna diskriminazio iturri bihurtzen denean?

Europar Batasunaren erronka nagusia batasun ekonomikoa politikara eta kulturara hedatzea da hain zuzen. Europa zaharrean bizi dugun demokraziak ez du gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortu; emakumea bigarren postura baztertzen da, nahiz eta ordezkaritza formala izan eguneroko bizitzan. Berdintasuna oraindik lortu ez den arren, saiakerak ez dira gutxi izan. Lehenengo neurriak, lanean ari zen emakumeari zuzenduta batez ere, 1975 eta 1976 urte bitartean aplikatu ziren; 80. hamarkadan, autoenpleguaren aldeko apostua izan zen; eta hurrengo hamarkadan, 90.ean, diskriminazio positiboaren aldeko neurriak onartu ziren

Oraindik inork ez du formula magikoa aurkitu, izan ere, aldaketa instituzionala ezezik, aldaketa kultura exijitzen du.

Kristin Tran, Feminist Initiative alderdi sueziarreko aholkularia Europako Legebiltzarrean, oso pozik azaldu zen Plaz! Alderdia ezagutu ondoren; Donostiako alkatetzarako aurkezten den ekimena, alegia. Sueziar mugimenduak oso baliabide gutxi du, eta giza eskubide ekonomiko, politiko eta kulturalak bultzatzen ditu. Zeintzuk dira beraien eskakizunak? Diskriminazioari arlo guztiak aintzakotzat hartuz aurre egitea; Europa irekia, migrazio politikak zaintzea Mediterraneoko sarraskia ekiditeko; haurren zaintza, emakumeek lana eta familiaren artean aukeratu behar ez dezaten; estatu guztietan gutxieneko batzuk onartzea; herrialde guztietan mugimendu eta proposamen feministak bultzatzea. Helburua? Berdintasunean oinarritutako gizarte osasuntsuak sortzea. Feminist Initiative Europako Legebiltzarrean eserleku bat duen lehenengo alderdia da. Beraien proposamenak kritika ugari jaso du; horien artean, teorian oinarritutako alderdia dela, eta, nola ez, gai konkretua eta bakarra jorratzen duela. Hala ere, kritikaz haratago, feminismoa eta nazioartetzea agendan sartzea lortu dute.

Gizarte ideal hori oraindik utopia besterik ez da, zioen Alexandra Byröd Estokolmoko politikariak; era berean, giza eskubideen alorrean ari da lanean, GKE feministekin.

Guztion harridurarako, Suediako mitoa bertan behera utzi zuen: “soldata ezberdintasuna, eguneroko sexismoa, indarkeria sexuala oraindik bertan ditugu”, azpimarratu zuen.

Ekimena “Europar Elkarrizketak” proiektuaren barruan aurki dezakegu, Batasunaren erronkak lantzen dituen jardunaldien barruan, alegia; Donostia eztabaida gune, hausnarketa eta parte hartze erreferente bilakatu dadin.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Artikulua gustatu bazaizu, esaiguzu.

Partekatu

Erlazionatutako artikuluak