ITZIAR GARCÍA CARRRETERO
KOMUNIKAZIO POLITIKO ETA KORPORATIBOAN AHOLKULARIA
Pasaden ekainaren 18an Europar Elkarrizketen saioan Durao Barrosok eta Miguel Madurok azaldutako tonu optimistak atentzioa deitu zidan; izan ere, Europak ez du mundura begira kontatu dezakeen istorio bateraturik. Nor da Europa? Zein da bere NAN-a? Benetako batasuna al da? Edota, alderantziz, txanpon batek batzen duen estatuen batuketa soila al da?
Europaren errealitatearen inguruan hitz egiterako garaian optimismoz beteriko adierazpenek harrituta utzi ninduten; garapen bidean dagoen “potentzia” bezala definitu zuen Durao Barrosok. Garapena? Zer eskaini diezaioke oraintxe bertan Europak munduari?
Ez dago zalantzarik bere hastapenetan bi mundu gerrei erantzuteko sortu zela; bake eta egonkortasunaren ikur moduan; kontinente zaharra berreraiki nahi zuten herrialdeen arte estatuen batura. Urteak aurrera joan joan diren neurrian, aitzitik, Europaren zabalkundeak ez du irizpide zehatzik jarraitu; nortasun, balio eta kultura erabat ezberdinak gehitu dira Batasunera, kontakizun bateratu horri oztopoak jarriz; mundura begira herrialde guztiek partekatu zezaketen istorioa kinka larrian jarriz; iragan, orainaldi eta guztientzat onuragarria gerta zitekeen etorkizun bateratu bat, alegia. Oraingo errealitatea, aitzitik erabat ezberdina da; protagonista eta antagonistak daude; batzuen partehartzea zalantzan ari gara jartzen (Greziaren kasua); beste batzuek, pelikularen gidoitik ateratzea planteatu diete hiritarrei (Erresuma Batuak).
Europak hastapenean izan zuen esentzia berreskuratu behar du; balio partekatuak; bestelako potentzien aurrean solidaritatean, justizian eta bakean oinarritutako esentzia hori; giza eskubideetan eta solidaritatean oinarritutako paradisua izan behar du. Estatuen gainetik, hiritarren zerbitzura dagoen benetako Batasuna hain zuzen.
Hiritarrek oraindik ez dugu “europar nortasuna” geurea egin. Gauzak okertzen direnean, erantzunkizun guztia Batasunari egozten diogu; ondo doanean, aitzitik, Estatuari.
Muga horiek gainditzeko garaia iritsi da. Europako hiritar bakoitzak nortasun europarra sentitzeko mmomentua; nortasun partekatua. Nortasun hori, haatik, ezin da ekonomian edota txanponean oinarritu. “Ukiezina” den istorio, kontakizun horretan eraiki behar da.
ITZIAR GARCÍA CARRRETERO
KOMUNIKAZIO POLITIKO ETA KORPORATIBOAN AHOLKULARIA