Maiatzaren 27an San Telmo Museoan izango den Europar elkarrizketenbosgarren saioak helburu izango du Europaren dimentsio politikoari buruz eztabaidatzea eta sakontzea, eta ikuspuntu ekonomikoa gainditzea.
Elkarrizketa honetan Edgar Grande soziologo eta irakasleak hartuko du parte, eta Globernancen sortzaile Ulrich Becki omenaldia egingo zaio, abenduan hil baitzen.
Globernance Gobernantza Demokratikorako Institutuak, Donostia 2016k eta San Telmo Museoak Europar elkarrizketen bosgarren saioa aurkeztu dute. DSS2016EUren kultur programaren barne eta San Telmo Museoak 2014 urtean abian jarri zuen Erronkak arloan aurki dezakegun proiektua da honakoa.
Azken urteotan Europar Batasunak jasandako krisi ekonomiko larriak inflexio-puntua izan da gure kontinentearentzat. Horrek bai intelektualak, bai ordezkari publikoak Europaren etorkizuna birpentsatzera bultzatu ditu; ekonomia ezezik, diziplina asko lantzera behartu ditu, ikuspegi ekonomikoak eragindako filia, beldur eta eztabaidak gainditzeko asmoz.
Gai honetan sakontzeko, Europar elkarrizketak Globernanceko Kontseiluko kide Edgar Grande Alemaniako soziologo ezagunaren parte-hartzea izango du. Grande Europaren biziraupen eta etorkizunerako batasun politikoaren aldeko defentsa sutsua egin duen pertsona dugu. Halaber, ekitaldiak Ulrick Becki egingo dio omenaldia, izan ere, Globernancen sorkuntzan parte hartzeaz gain, Edgar Granderekin batera La Europa Cosmopolita liburua idatzi zuen.
Daniel Innerarity Globernance Institutuko zuzendari eta katedradunaren hitzetan, jardunaldi honetan sortuko diren hausnarketak oso interesgarriak izango dira, izan ere, “gizarteak, azken urteotan, Europaren eraikuntza urrun zegoen gai arrotz moduan ikusi du; garrantzia gutxi zuen gai bezala, alegia. Krisi ekonomiko eta politikoak, aldiz, energiak mugiarazi ditu, bai modu positibo edota negatiboan, kasuaren arabera”.
Sare sozialen bidezko parte-hartzea
Doako jardunaldi irekia izateaz gain, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da www.europeandialogues.eu webgunearen bitartez. Era berean, herritar orok ekitaldia hasi aurretik hizlariei galderak bidatzeko aukera izango du, bai Twitter bidez [@EUdialogues], edota Facebook sarearen bitartez [European Dialogues].